XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ameriketatik etorri eta gero, Esparza Donostiako kontratista sonatuaren deia izan omen zuan Bernardok obran enkargatuaren eginkizuna betetzera ea joango zan, eta baietz erantzun omen zion.

Asi omen zan lanean eta nagusiak, Esparza jaunak: - Argiñak bear ditugu, Bernardo. Zuk bai al dakizu argiñen bat lanik gabe nunbait badagoan?

Eta Bernardok: - Bai; badakit. Nere lengusu bat argiña da eta, esan didatenez, lanik gabe dago.

Ala, abixatu omen zion Txirritari, eta bereala erremintak artu ta joan omen zan lanera.

Añarbe alde ortan izan bear zuan paretak egiten lan puska bat.

Lanean ondo asi omen zan Txirrita, baiña bai parrandak egiten ere maiz. Eta egun batez Bernardo enkargatuak esan omen zion: - Begira, primo: neretzat lotsakizuna dek i orrela parrandan ibiltzea, lanera etorri gabe: eta ni ere nagusiak estu artzen niok. Ez baaiz egunero lanera etortzen, bialdu egingo aut.

Eta Txirritak: - Ez. Ez nakela bialdu. Neroni joango nauk. Iñor lantegitik bialtzea fama txarra dek.

Eta alaxe aldegin omen zuan, erremintak artuta, beste norabait.

Portua baillaran baserrian bizi da Bernardoren illoba Agustin. Biok aspaldiko lagun zaarrak gera. Gizon jator bat bezela portatu izan da beti.

Saldu-erosian edo ganadu-tratuan ibili izan da geienean.

Nerekin ere bein baiño geiagotan egin izan ditu tratuak. Nik txekorrak azi egin ditut; eta, il-tokira edo mataderara eramateko moduan gizentzen ziranean, arakiñari bezela saltzen nizkion nere lagun Agustineri ere, eta beti ondo konpondu izan gera alkarrekin.